1934an, Komunikazio Ministerioak Zalburun aireportua eraikitzeko baimena eman zuen, Gasteiz ekialdetik kilometro batera, Elorriaga eta Betoño udalerrien artean, Irunera doan errepide nagusiaren alboan. Interes orokorreko eta zerbitzu publikoen gune aitortu zuten, eta 1935eko irailaren 29an inauguratu zuten José Martínez Aragón izenarekin. Gerra Zibilaren ostean, aireportuari Mola Jenerala izena jarri zioten, nahiz eta garai hartan aire-jarduerarik ez izan. 1946. urteko uztailaren 12ko dekretu batek turismoko aire-garraio zibilarentzat, nazionalarentzat eta nazioartekoarentzat eta merkataritza-garraioko geldialdi teknikoentzat ireki zuen berriro. Sei hilabete geroago, ordea, agindu batek garraioari berriro itxi zizkion ateak. 1948an ireki zuten berriro, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Aire Ministerioari dohaintzan eman ostean. 1957an berriro itxi zuten aire-trafikoarentzat, eta 1966an ireki zuten berriro abiazio pribatuko eta kirol-abiazioko operazioentzat soilik.
1970ean, eskualdearen garapen ekonomikoaren ondorioz, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak eskatu zuen Foru Aldundiak esku hartzea, Gasteizen Espainiako eta Europako hiriburu nagusien artean linea erregularrak ezartzeko. Egindako lehenengo analisien arabera, aireportu hau erabiltzea ezinezkoa zen. Hala, hainbat ikerketa abian jarri zituzten, eta konponbide ekonomikorik eta teknikorik onena Arabako lautadako Foronda udalerrian zeuden lurrak izango zirela iragarri zuten. 1972ko udan aerodromo berria eraikitzea onartu zuten.
1976an, Abiazio Zibileko idazkariordetzak aireportuaren lehenengo fasea onartu zuen. Hala, 2200 bider 45 metroko hegaldi-pista eraiki zuten, eta II. kategoriako ILS sistema, VASISa, pistako ikusizko irismena neurtzeko gailua, RVRa eta lainoen altuera neurtzeko gailua instalatu zituzten. Pista 3500 metrora arte luzatu zuten geroago. 1978an suteen aurkako eraikina, kontrol-dorreko instalazioak, urbanizazioak eta sarbideak kontratatu zituzten.
1980ko urtarrilaren 30eko Ministerio Aginduaren arabera, Gasteizko Aireportua bidaiarien zirkulazio nazionalarentzat eta nazioartekoarentzat ireki zuten, etengabe erabiltzeko ordutegiarekin eta, jada, lehenengo kategoria berezi moduan sailkatuta. Otsailaren 16an, Foru Aldundiak Garraio Ministerioari transferitu zizkion lurren, eraikinen eta instalazioen titulartasunak, eta Mola Jenerala aireportuko erabilera aeronautikoko lurren gaitzustea sinatu zuten, lur horiek Gasteizko Udalari eta Foru Aldundiari itzulita. Apirilaren 6an, Iberiak Madril-Gasteiz linea inauguratu zuen.
1981ean Gasteizko aduana-gaikuntza handitu zuten merkantziak saltzeko. Hala, aireportua aireko kargaren tratamenduan espezializatu zen, eta merkantziak banatzeko penintsulako iparraldeko zentroa izatera pasatu zen. Jarduera hori sustatzeko 1994an VIA sozietatea eratu zuten, Aenaren, Gasteizko Udalaren, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.