Bizkaian hainbat esperientzia aeronautiko izan ondoren, 1927ko urrian hasi ziren Bilbon aireportua ezartzeko kudeaketak, Sustapen Sindikatuaren eskutik. Horrela, Batzorde Probintziala sortu zen aireportuaren kokapena ikertzen hasteko. Aeronautikaren Zuzendaritza Nagusiak 1936an eman zuen baimena Sondikan aireportua instalatzeko. Halere, kokapen horrek dituen gabeziak zirela eta, aireportuari ez zitzaion interes orokorreko arretarik eman.
Gerra Zibilean hasi ziren lanak, baina denboraldi horretan eta 1937ko ekainera arte aireko jarduera militarrentzako base bezala erabili zuten. Aireportuaren garapenaren bigarren fasea 1938. urtean hasi zen. Foru Aldundia kudeaketak lantzen hasi zen berriz gobernuarekin, 1936ko proiektu zaharra aldatzeko, eta proiektu berria idazten hasteko baimena lortu zuen. Proiektu hori azpiegituren zuzendaritza nagusiak onartu zuen.
Zirkulazioari irekitzea
Sondikan aireportu zibila kokatzea aho batez erabaki zuten 1940an tokiko erakundeekin. Lanak nahiko motel egin ziren 1948ko irailaren 19raino. Une horretan, aireportua eguneko zirkulazioarentzat ireki zen, Aviación y Comercio SA ezarriz Madrilera zihoan linearen bidez. Bi urte beranduago terminal eraikina jarri zuten martxan, Carlos Haya izenarekin. 1965eko irailaren 1ean, aireportuei izen ofiziala ematen zien ministro-agindua argitaratu zen; Bilboko Aireportua izenarekin argitaratu zen, hori da, ordutik, bere izen ofiziala. Aireportuan, egun, honakoak daude: asfaltatutako pista, 11-29a (1.440 bider 45 metro), lurzoru naturaleko beste pista (1.500 bider 150 metro), jira-biratzeko bidea, bidaiarien terminal eraikina, kontrol dorrea, irrati-faroa, eta goniometroa; baita polizia zerbitzuak, posta, meteorologia, osasuna, erregaiak eta telefonoak ere. 1955an jira-biratzeko bidea eraiki zen, pista aparkalekuarekin eta terminal eraikinarekin lotzeko. Era berean, 124 bider 60 metroko plataforma, Bizkaiko Aeroklubarentzako hangarra eta Campsaren instalazio finkoak ere eraiki ziren.
1964 eta 1965 artean, ILS lurreratze instrumentalaren sistema, eta trumoiak antzemateko radar meteorologikoa instalatu zuten; baita pista 2.000 metroraino eta plataforma 12.000 metro karraturaino zabaldu ere. Pista 1975an zolatu zen, eta ondorioz, 10-28ko orientazioa hartu zuen deklinazio magnetikoaren aldaketa zela eta. 1977an, aparkalekua handitu zen, lotura-kale bat eraiki zen eta ILS sistema instalatu zen. Urte hartan 12-30 pista ireki zen, 2.600 metro luzekoa, eta hurrengo urtean lehen kategoriakotzat sailkatu zen aireportua.
ILS Kategoria III jarri zen martxan 10-30 pistan 1980ko hamarkadan. Igorleen zentroa, bidaiarien terminal eraikina eta aparkalekua zabaldu ziren; baita suteen aurkako eraikina eta zamak jasotzeko terminal eraikina eraiki ere.
1996an jira-biratzeko bide berria eraiki zen bi irteera bizkorrekin, baita aireontziak aparkatzeko plataforma berria ere. 1999ko maiatzean kontrol dorre berria jarri zen martxan hegaldien eremuaren ikuspegi zentratuagoa izateko eta aireportuko lanak errazteko. 2000. urteko azaroaren 19an terminal gune berria inauguratu zen ipar eremuan. Gune hori terminal eraikin berriarekin, 32.000 metro karratuko azalerarekin, 95.000 metro karratuko aparkalekuarekin, eta aparkatzeko 3.000 plaza berriekin osatua dago, baita aireontziak aparkatzeko iparraldeko plataformarekin ere; azken hori terminal gune berriarentzako euskarri bezala erabiltzen da.